Telefonoa
Ordutegia
Astelehenetik ostiralera:
9:00etatik 14:00etara

Patrimonio - Arte - Okondo

Untzako Andra Mariaren parrokia

Okondoko haraneko Irabien auzoan dago. 1771 eta 1777 urteen artean eraikitako eliza neoklasikoa da. Gurutze grekoko oinplanoa du. Gurutzaduran petxinek eta luneta gangek eusten diote kupulari. Zutabez inguratutako erdi-puntuko arku batek ematen du atari nagusirako sarrera. Hegoaldean bada beste atari bat, erdi-puntuko 5 arku dituena hain zuzen ere. Bi dorre ditu, inposta lerro batek bereizitako bost gorputzekoak biak. Kanpai-gorputza arkudun baoek zeharkatzen dute.

Juan de Ibarrola eta Castañiza jaunari esker egin ahal izan zuten parrokia. Okondoko herritarra zen, baina Mexikon aberastu zen burdina eta beste merkantzia batzuen merkataritzaren bidez. Aiarako kondeak eta Berwicheko dukeak, elizako patroiak alegia, eliza eraikitzea baimendu zuen; baina, hainbat baldintza jarri zituen. Hasieran Manuek de Arechavala y Mendieta eta Jose Manuel de Goity arkitektura maisuen esku egon zen obra, baina Manuel de Arechavalak atzera egin zuen arrazoi ekonomikoengatik, eta Jose Manuel de Goityk egin behar izan zuen parrokia. Obraren jarraipena etengabea izan zen: obraren zimenduak Francisco Antonio de Ganceo y Mendietak aztertu zituen 1772an; arkitrabeak, erlaitzak, kapitelak eta arkuak Manuel de Arechavalak eta Agustin Mezcortak 1775ean, eta obra osoa Sebastián de Entrambosrriosek eta Cipriano de Garagorrik.

Erretaula nagusia ere neoklasikoa da, eta baldakin itxura du. Ondorengo elementu hauek ditu: bankua, zortzi zutabe -kapitel korintoar eta fuste leun jaspeatukoak-, zutabe horiek eusten duten taulamendua –izkinetan lorontziak dituena- eta atikoa. Erdiko tenplete edo sagrarioaren gainean neoklasiko ukitua duen Ama Birjinaren irudia ikus daiteke. Atikoan Kristo gurutziltzatuaren tailak daude eta muturrean fedea irudikatzen duen irudi handia. Alboetako erretaulak, Errosarioko eta Bakardadeko Ama Birjinari eskainiak, barroko estilokoak dira eta eliza zaharretik ekarri zituzten; Familia Santuarena, berriz, modernoa da. Errosarioko Ama Birjinaren aldarea txikia da eta bankua, albo banatan zutabea salomonikoak dituen gorputz bakarra eta taulamendua ditu. Taulamenduak bi bolutek banatutako arkudun frontoia du. Taila nagusia VXII. mendeko obra da, ongi urreztatua eta polikromatua. Inmaculadaren erretaula oso antzekoa da. Hasieran, Dolores Ama Birjinari eskaini zioten; baina, gaur egun Sortzez Garbiaren irudi moderno bat ikus daiteke bertan.

Erretaulez gain, irudi eta margo solteak ere baditu. Aipagarriena Ama Birjina eta umea, San Juanito eta aingeru batzuen irudiak dituen mihisea da. José de Ciezak egin zuen 1674an. Mihiseak eredu flandestarren eragina du. Eredu horiek XVII. mendean zabaldu ziren Espainian. Gai sakratukoa da, baina genero eszena balitz bezala tratatua. Ama Birjinak Jesus haurtxoari arrosa eskaintzen dio bere Pasioaren sinbolo gisa. Jesus haurtxoak San Juanitori eta arkumeari begiratzen die. Erdialdean aingeru koro bat dantzan ari da gitarraren soinuan.

Urreztatze lanei dagokienez, aipagarriak dira kaliz neoklasikoa eta XVII. mendeko zilarrezko kustodia, errainudun eguzki-santuaren irudia duena.

San Roman parrokia

Latindar gurutzeko oinplanoa du eraikinak. Zazpi luneta-gangek eta gurutzadurako ertz-ganga batek estaltzen dute. Erdi-puntuko parpain-arkuek kanpoaldeko kontrahorma sendoetan dute euskarria. Eraikin zaharra eraitsi eta 1734 urte aldera eraiki zuten. Juan Andrés de LLaguno Fernández de Jáuregui maisua arduratu zen berreraikitze lanez, Eugenio Llaguno y Amirola akademiko eta ministro ospetsuaren aita. Martín de Larrea hargin maisuak ikuskatu zuen obra. Mendebaldeko ataria oinplano karratukoa da eta dorrearen oinarria hartzen du. Dorrea eraikin lerdena da eta goialdean lau baoko kanpai-gorputza du. XVIII. mende amaieran eraiki zuten.

Erretaula nagusia joera neoklasikokoa da eta elementu hauek ditu: bankua, hiru kaletan zatitutako atal nagusia -kapitel korintoar eta fuste leun jaspeatuko zutabeek bereizten dituzte kaleak-, zutabeek eusten duten taulamendua eta taulamendu gaineko atikoa. Jantzi militarrak daramatzan San Romanen irudia dago erdian. Irudia Urduñan egindakoa da eta Juan Antonio de Jáuregui margolari-urreztatzailea arduratu zen polikromatuaz. Atzealdeko pabiloi margotua Urduñako Juan Ventura de Pererdak egin zuen. Gurutzaduran, alboetan, Errosarioko eta Bakardadeko Ama Birjinen erretaulak daude, biak barrokoak eta XVIII. mendekoak. Errosarioko Ama Birjinarenak bankua, atal nagusia –zutabe salomonikoek hiru kaletan banatua- eta atikoa ditu. Errosarioko Ama Birjinaren irudi barrokoa da nagusi, eta alboko kaleetan San Isidroren eta San Joseren irudiak ikus daitezke. Atikoan San Antonio Paduakoaren taila dago, landareez hornitua. Dolorosaren erretaulak banku txikia, kale bakarreko atal nagusia – binakatutako eta atzeraemandako lau zutabe salomoniko dituena- eta atiko erdizirkularra ditu. Dolorosaren taila da nagusi eta atikoan San Antonena.

Urreztatze ugari ditu, besteak beste, hainbat kaliza eta interes handiko beste objektu batzuk. Kalizetan XVIII. mendekoa da aipagarria; izan ere, Errege armarria eta azpialdean inskripzioa ditu. 1791 urtean San Prudentzio baselizara eraman zuten Maria Luisa Parmakoa erreginaren diruzain Juan Francisco de Urquijo jaunaren aginduz. Neurri berean da aipagarria 1777 urtean egindako ekisaindu mexikarra, Francisco Antonio de Aldayak bidalia.

San Bartolome baseliza

Oinplano laukizuzeneko landa-eraikuntza da, egurrezko gangak eta bi isurialdeko teilatuak estaltzen dute. XX. mendean berritu zuten.

Erretaula nagusia rococoaren eta neoklasikoaren artekoa da. Handia da, eta XVIII. mende amaieran eraiki zuten. Elementu hauek dauzka: banku luzea, hiru kaletan zatitutako atal bakarra –kapitel korintiarreko eta albo zutarriko bi zutabek bereizten dituzte kaleak- taulamendu zatitua eta San Bartolomeren taila barrokoa duen atikoa. Alboetako kaleetan Magdalena penitentearen irudia ikus daiteke. Badirudi taila hori XVIII. mendean desagertutako baselizakoa dela. Eskuinaldeko kalean San Atanasio aita santuaren irudia dago, San Vicente baseliza zaharrekoa. Atikoan nagusi da San Antonio Abaden irudia. Erretaula estaltzen duen polikromatua neoklasikoa da. Harrinabarra imitatzeak bigarren mailan utzi zuen urrea, hau da, apaingarrietarako.

San Prudentzio eta San Esteban baseliza

Hasieran San Prudentzioren omenez eraiki zuten; baina, San Esteban baseliza hondatu zenez geroztik, bi santuak gurtzen dituzte baseliza horretan. Oinplano laukizuzenekoa da, eta hiru ganga zatik, ertz-gangaren bi zatik eta luneta-gangaren bi zatik (erdi-puntuko farjoi-arkuek bereiziak) estaltzen dute. Oinplano karratuko sakristia du eta ertz-ganga. Ataria hegoaldean dauka, eta apaingarririk gabeko ateburua du. Erretaula zutabe korintiarreko marko neoklasiko xumea da, goialdean frontoi hirukia du. San Prudentzio eta San Estebanen irudiak dira nagusi. Erretaula Alejo de Unzagak egin zuen 1821ean.

Otaloako San Sebastian baseliza

Otaloa auzoan dago. Oinplano laukizuzenekoa da eta erdi-puntuko farjoi-arkuek eusten duten ertz-gangak estaltzen du. XVIII. mende hasieran eraiki zuten eta 1914 urtean berritu. Erretaula barrokoa da, XVII. mendekoa. Atal bakarra du, kapitel toskanar eta fuste marrakatutako lau zutabek zatitzen dute hiru kaletan. Baseliza honetako San Sebastian orijinala lapurtu egin zuten, eta egun bertan ikusten duguna Otrazatik ekarritakoa da.

La Salud Ama Birjinaren kapera edo "Salus infirmorun"

Eliza pribatua da, Francisco Zuricalday y Urquijo jaunak eraikitakoa. Gurutze latindar oinplanoa du eta kanpandorrea oinarrian.

Helbidea
Zudubiarte, 1
01409 · Okondo
Telefonoa
Ordutegia
Astelehenetik ostiralera:
9:00etatik 14:00etara
Faxa
+34 945 89 82 06